Liberalen nagusitasuna: 1840-1868

Porrota eta karlisten itxaropenak: 1840-1849

1794az geroztik, gerra batetik bestera bizi izan zen Euskal Herria, eta gerraosteko urteak gogorrak izan ziren. Karlismoa teorikoki garaituta zegoen, baina foru-arazoa oraindik bizirik zegoen.

Bergarako Hitzarmenaren ondoren, Espainiako Gorteek 1839ko urriaren 25eko Legea onartu zuten. Lege horren lehen artikuluan foruak onartzen ziren “batasun monarkikoari kalterik egin gabe”. Bigarren artikuluan, berriz, Madrilgo gobernuak eta aldundiek beharrezko aldaketak egin behar zituztela agintzen zen, foruak erreinuko konstituzioarekin bateragarriak izan zitezen.

Hasierako arazoa konponduta bazegoen ere, sakoneko arazoa oraindik ez: zenbateraino aldatu beharko ziren foruak, batasun konstituzionalaren barnean kokatzeko?

Euskal liberal kontserbadoreenek garbi erakutsi zuten foruzaleak zirela. Foruak eta konstituzioari buruzko ikuspegi federala zeukaten.

Gobernu zentralarekin negoziazioak 1840an hasi ziren. Maiatzaren 26an, lau probintzietako ordezkariak politika bateratua hitzartzeko elkartu ziren, baina, Nafarroa bereizi egin zen, eta adosteko joera hartu zuen: Nafarroak erresuma izateari utzi eta probintzia bilakatuko zen. Foru-erregimeneko antolaketa administratibo eta fiskalari eutsi zion, baina autonomia politikoa galduko zuen. Laburtuz, gobernuaren nahiei men egin zien Nafarroak, baina foruak aldatzeko Lege Itundua onartzea lortu zuen, 1841eko abuztuaren 16an.

Beste hiru probintziek ez zuten botere politikoa galdu nahi eta ez zioten Nafarroak hartutako bideari jarraitu. Elkarren arteko harremanak estutu zituzten, izatezko (eta ez zuzenbidezko) foru-sistemari eusteko garaia izanik. Hala ere, ez zuten lortu Esparterok aduanak kostara lekualdatzeko agindua geraraztea. 1841ean, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia, O'́Donnell Iruñean Esparteroren aurka hasitako matxinada alde agertu ziren. Esparterok, matxinada geratu ostean, foruak behin betiko indargabetu zituen.

1843an, Esparterok boterea galdu zuen moderatuen mesederako, eta akordioen garaia iritsi zen.

1844ko uztailaren 4ko dekretuaren ondorioz, Batzar Nagusiak eta Foru Aldundiak berrezarri ziren, eta behin betiko akordioa lortzeko elkarrizketak abian jarri ziren, berriz ere. 1848an, euskaldunek foruen auzia konpontzeko aurreproiektu bat aurkeztu zuten. Negoziazio hark ere ez zuen arrakastarik izan, Bizkaiak Gipuzkoarekin eta Arabarekin osatutako frontea hautsi baitzuen, eskakizun maximalista batzuk tarteko. Agerian ez egon arren, eskakizun haien atzean karlistak zeuden.

Hamarkada horren ostean, herrialdearen barnealdean karlistak garrantzia politikoa galdu zuten. Bide militarrean uste handia zuten, baina euskal lurraldeetan nagusi zen nekeak itxarotera behartu zituen. 1845ean Karlos V.ak bere semeari, Montemolineko kondeari, utzi zion erregetza, eta karlistek Karlos VI.a izena eman zioten.

1846. eta 1849. urteen artean bigarren karlistaldia edo matinersen gerra izan zen Katalunian, eta gune militarra bertara lekualdatu zen. Aldi berean, Nafarroan eta Gipuzkoan altxamendu-saialdiak egin zituzten, baina ez zuten arrakastarik izan: 1847ko urrian, Nafarroako altxamenduak porrot egin zuen; 1848ko ekainean, Jose Joakin Alzaaren gidaritzapean egindako Gipuzkoako saialdiak ere porrot egin zuen, eta Alzaa bera uztailaren 3an fusilatu zuten; eta 1849ko urtarrilean, Egañak egindako saialdiak ere ez zuen arrakastarik izan.

Krisia eta zailtasunak: 1850-1868

Isabel II.aren erregealdiko azken garai horretan, karlismoan bi fase bereiz ditzakegu. 1861era arte, Montemolineko kondeak altxamendu militarren taktikarekin jarraitu zuen.

Haien arteko ezagunena eta garrantzitsuena 1860ko San Carlos de la Rapitako altxamendua izan zen. 1861ean, erregegaia seme-alabarik izan gabe hil zen, eta haren ondorengo eta anaia zen Juanek Isabel II.aren legitimitatea aitortu zuen. Karlistak ideia absolutisten eta dinastia-legitimazioaren alde zeuden, eta Juanen ideia liberalak onartzen ez zituzten arren, ezin zizkioten bere eskubideak ukatu. Egoera horrek 1868ko iraultzara arte iraun zuen.

Neokatolikoen taldearekin elkartu zirenean, aro horren amaieran, lortu zuten karlistek lehen garaipen politikoa. Zenbait intelektual ezagun mugimendu karlistan sartu ziren; hala nola, Aparisi y Guijarro, Nocedal eta Navarro Villoslada. Intelektual horiek karlistek baino oinarri ideologiko kontserbadoreagoa zuten eta propagandarako bibliografia ugari sortu zuten.

Liberalek vascongadista izeneko tesia garatu zuten. Tesi horren arabera, euskaldun guztiek elkarrekin lan egin behar zuten, foruak gordetzeko.

Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Karlismoa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org