Biografia: Eugenio Aviraneta

Eugenio Aviraneta

(Madril, 1792-1872)

Eugenio Aviraneta Ibargoien Madrilen jaio zen eta haurtzaroa Irunen igaro zuen. Aviraneta ideia liberalekin bat zegoenez, Espainiako Independentzia Gerran borrokan aritu zen, hasieran Merino apaizarekin, eta ondoren, Empecinado izeneko gizon batekin.. Haren ideiak tarteko, gerraren amaieran erbesteratu egin behar izan zuen.

Hirurteko Liberalean itzuli zen Eugenio Aviraneta Espainiara, eta bazterrak nahasten aritu zen. Lehen Karlistaldiak iraun zuen bitartean, zurrumurruak eta dokumentazio faltsua zabaltzen aritu zen, karlisten artean mesfidantza eta etsipena eragiteko. Karlisten banaketak Bergarako Hitzarmena eragin zuen, eta Aviranetak berak hitzarmen horretan zerikusi handia izan zuela aldarrikatu zuen.

Hurrengo urteetan, Aviranetak, unean uneko egoera politikoaren arabera, ohore eta izendapenak edota deportazioak edo kartzela-zigorrak jaso izan zituen. 1872ko otsailean hil zen Madrilen.

Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Karlismoa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org