Glosategia

A B C D E F I J K L M N R S

A

Absolutismoa: Batez ere XVII. eta XVIII. mendeetan zehar egon zen gobernu era da. Estatuaren aginpide guztiak erregeen esku geratu ziren; beraz, tradizio-erakundeak, gorteak edo parlamentuak ez zuen gobernuan parte hartzeko aukerarik. Agintea Jainkoarengandik zetorren, alegia, erregeak jainkoari erantzun behar zion eta ez bere menpe zeudenei.

Alfontso XII.a Borboikoa: (Madrid, 1857ko azaroaren 28a – El Pardo, 1885ko azaroaren 25a) Espainiako errege 1874 eta 1885 artean. Isabel II.aren eta Francisco de Asís Borboikoaren semea. Hala ere, bere aitaren ustezko homosexualitatearen ondorioz, Enrique Puig Moltó edo Francisco Serrano y Domínguez jo dira benetako aitatzat. Bere gurasoak 1868ko matxinadaren ondorioz, atzerrian bizi ziren. 1875ean, Lehen Errepublika erori eta gero, tronua hartu zuen Errestaurazio garaiari hasiera emanez. 1876ko Konstituzioa onartu zuen. Maria de las Mercedes Orléanskoarekin ezkondu zen lehendabizi, eta, ondoren, Maria Cristina Habsburgo-Lorrenakoarekin, hiru seme-alaba izan zituztelarik. Alfontso XII.aren heriotzaren ostean, Maria Cristina bihurtu zen Espainiako erregeorde, eta ondoren, haren seme Alfontso XIII.ak hartu zuen tronua II. Errepublika arte.

Amadeo Fernando Maria Savoiakoa: (Turin (Italia), 1845eko maiatzaren 30a – 1890eko urtarrilaren 18a) Espainiako errege Amadeo I.a izenarekin eta Aostako Dukea. 1868ko matxinadak eta Isabel II.aren ihesaldiak, Serranok zuzendutako behin-behineko gobernua ekarri zuen Espainiara. Gobernu horrek 1869ko Konstituzioa aldarrikatu zuen eta gobernu-eratzat monarkia konstituzionala ezarri zuen. Parlamentuak orduan Amadeo I.a aukeratu zuen errege, dinastia luze bateko kidea, progresista, katolikoa eta masoia zelako. Karlistak eta errepublikazaleak aurka agertu ziren, baita aristokratak ere, kanpotar eta arrotza ikusten zutelako eta eliza, desamortizazioen alde zegoelako. Herritarrak ere ez zeuden gustura, erregeak gaztelaniaz hitz egiten ez zuelako. Horrez gain, arazo asko izan zituen Espainian ezegonkortasun politiko handia zegoelako. Azkenean, asper-asper eginda, 1873ko otsailaren 11n abdikatu egin zuen. Egun horretan bertan, Espainiako Lehen Errepublika aldarrikatu zen.

Antonio Aparisi Guijarro: (Valentzia, 1815 – Madril, 1872) Politikari eta kazetari tradizionalista espainiarra. 1865ean diputatu hautatu zuten bigarren aldiz Valentzia eta Iruñako ordezkari gisa. 1868ko altxamenduak Frantziako muga pasatzera behartu zuen. Parisen zegoelarik Don Karlos eta Isabel II.aren arteko berradiskidetza lortzen saiatu zen. Bere ekimenaren ostean Alderdi Karlistaren Direktorio Nagusia sortu zen Parisen. Espainiara bueltatu ondoren, Gipuzkoak senatari izendatu zuen. Kongresuan hitzaldi bat ematen ari zelarik heriotzak ustekabean harrapatu zuen.

Antonio Cánovas del Castillo: (Málaga, 1828ko otsailaren 8a – Arrasate (Gipuzkoa), 1897ko abuztuaren 8a) Politikari eta historialari espainiarra. Espainiako XIX. mendeko historian pertsonaia garrantzitsua izan zen, batez ere Errestaurazioan eta Alderdi Kontserbadorean. 1868ko altxamenduaren ostean, Alfontso XII.aren tronurako bidea prestatu zuen. Horrela, 1874an,Alfontso XII.a errege izendatu ondoren, Errestaurazio sistema sortu zuen, Sandhurst manifestuaren bitartez. Bi alderdiko sistema proposatu zuen, iruzur elektoralak eta kazikeak zirela medio, alderdi baten edo bestearen txandaketa ahalbidetuz. Sistema hori erabiliz, zazpi aldiz izan zen ministroen kontseiluko presidente. Maria Kristinaren erregeordetza garaian ere gobernuburu lanak bete zituen. 1897an Arrasateko Santa Ageda bainuetxean eraila izan zen.

Antzinako Erregimena: Erdi Arotik abiatuta, Frantziako Iraultzaren aurreko gobernu-sistema. Europan zehar zabaldua. Haren ezaugarriak: ekonomian feudalismoa, gizartean estamentuak eta burgesia, eta politikan monarkia absolutua. Espainian 1812ko Cádizko Konstituzioa jotzen da Antzinako Erregimenaren bukaeratzat; hala ere, Espainiar Independentzia Gerraren ostean, Fernando VII.ak Absolutismoaren berrezarri zuen.

aurkibidea

B

Batzar Nagusiak: Batzarren betebehar nagusia legeak egitea zen, Koroak gero onartu behar zituelarik. Hala ere, horrez gain beste betebehar batzuk ere bazituen: Aldundiaren ekintzak eta akordioak epaitzea; Korrejidoreari eta Ahaldun Nagusiari "erresidentzia epaiketa" egitea, hau da, karguan zeuden bitartean beraien jokabideak epaitzea, absolbituz edo barkatuz; Aldundiaren kideak aukeratzea; probintziako administrazioko antolakuntzan eta berrikusketan parte hartzea. Bigarren Gerra Karlistan foru-erregimena desagertzearekin batera galdu ziren Batzar Nagusiak hiru herrialdeetan (Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba). Espainiako 1978ko Konstituzioa onartu ondoren, Batzarrak berrezarri egin ziren. Herritarren zuzeneko bozketaz aukeratzen dira batzarkideak lau urtez behin. Egungo Batzarrek eta horiek aukeratzen dituzten Aldundiek ez dute lehengoek adinako botererik: Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak bereganatu dituzte lehen Batzar Nagusien eta Aldundiaren eskumeneko ziren gai asko. Euskal Autonomia Erkidegoan Herrialde Historikoen Legeak ezarri zituen Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren eskumen-banaketaren oinarriak.

Bergarako Besarkada: Maroto jeneralak (karlisten Estatu Nagusiaren buruzagia) eta Espartero jeneralak sinatutako hitzarmenaren aurkezpen sinbolikoa da, Bergaran egindakoa 1839ko abuztuaren 31n. Bi egun lehenago Oñatin sinatu zuten hitzarmena. Horrekin Lehen Gerra Karlistaren amaiera iritsi zen. Bertan hartutako erabakiaren ondorioz, euskaldunek beren foruak mantentzeko eskubidea galdu egin zuten eta euskal karlistek traizioa egin zietela sentitu zuten. Estatuak, foruak ezabatzeaz gain, jende ugari kartzelatu zuen.

aurkibidea

 

C

Comunión Tradicionalista: Karlismoak, Alderdi Nazional Katolikoarekin (integrista) eta Alderdi Tradizionalista Katolikoarekin (tradizionalista) bat egin zuen. Horrela, Comunión Tradicionalista sortu zen. Alderdiaren alde armatuak, erreketek, eta Falange Espainiarrak 1936ko estatu kolpearen alde egin zuten. Hala ere, 1937an, Falange Espainiarra eta Comunión Tradicionalista, Francisco Francoren aginduz “Falange Española Tradicionalista de las Juntas de Ofensiva Nacional Sindicalista” izenpean batu ziren. Horrela, Comunión Tradicionalista desagertu egin zen.

aurkibidea

D

Dinastia: Elkarren artean ahaideak edo familia bereko kideak estatu bateko edo gehiagoko gobernu-buruak. Ekonomian, politikan zein gizartean botere handia duten familiak, hainbat gizalditan zehar.

aurkibidea

E

Erreketeak: XX. mende hasierako karlisten erakunde paramilitarra. Horien ekintzak batez ere 1920tik aurrera gauzatu ziren. II. Errepublika garaian, 10.000 errekete zeuden Nafarroan; 1936an, 30.000 inguru ziren; gerra zibilean berriz, 60.000 bat zirenFrancoren alde.

Errepublika: Estatu baten gobernu era, bertan Erregea ez da estatuburua. Herriak demokratikoki aukeratzen du estatuburua, eta Presidente izena hartzen du. Espainiar estatua bitan izan da errepublika, 1873-1874 eta 1931-1939 tarteetan.

aurkibidea

F

Fernando VII.a Borboikoa: (San Lorenzo del Escorial, 1784ko urriak 14 – Madril, 1833ko irailak 29) Espainiako errege izan zen 1813 eta 1833 artean. Karlos IV.a Espainiako erregearen semea zen. 1830ean Fernandok Santzio Pragmatikoa promulgatu zuen; horrek, erregeak semerik ez bazuen, alaba zaharrenari erregetza hartzeko eskubidea ematen zion. Isabel (gerora Isabel II.a) hortik gutxira jaio zen eta tronuaren erregegai bihurtu zen. Horrela, Don Karlos Maria Isidro, erregearen anaia, tronutik urrun geratu zen.

Foruak: Foruak euskal lurralde bakoitzeko bizitza politikoa, ekonomikoa eta administratiboa antolatzeko lege eta arauak ziren. Horrez gain, foruak izan ziren XV. mende inguruan Euskal Herrian sortu ziren gobernu-erakundeen oinarri.

Foru Aldundiak: Batzar Nagusien arlo betearazlea ziren: Batzar Nagusiak egindako legeak aldundiak betearazi behar zituen. Batzar Nagusiek izendatzen zituzten.

Francisco Franco: (Ferrol (A Coruña), 1892ko abenduaren 4a – Madril, 1975eko azaroaren 20a). Militar eta diktadore espainiarra. 1936tik bere heriotza arte, Espainiako estatuburua.

Francisco Navarro Villoslada: (Viana, 1818ko urriaren 9a – 1895eko abuztuaren 29a) Idazle eta ideologo espainiarra. Diputatu eta senataria Alderdi Tradizionalistan, 1871n Don Karlosen idazkaria izan zen.

Francisco Serrano y Domínguez: (San Fernando (Cádiz), 1810 – Madrid, 1885) Militar eta politikari espainiarra. Erregeordea, ministroen kontseiluko lehendakaria eta Espainiako Lehen Errepublikako presidentea. 1839an politikan sartu zen Esparterorekin. Gerora, Primekin haren aurka egin zuen. Gizartean oso ezaguna izan zen, Isabel II.aren maitalea izan zelako. 1868ko matxinadaren ostean, Isabel II.a erbesteratu eta gero, behin-behineko gobernua osatu zuen, Serrano erreinuaren erregeorde bilakatuz. Lehen Errepublika aldarrikatu zenean alde egin behar izan zuen. Pavía jeneralaren estatu-kolpearen ondoren, botere exekutiboko presidente izendatu zuten. Errestaurazioan Alfontso XII.a erregetzat onartu zuen. Garrantzizko kargu batean lan egiten saiatu zen, baina Cánovas eta erregeak Sagasta jarri zuten haren lekuan.

Frantziako Iraultza: Frantziako Iraultza 1789 eta 1799 urteen artean Frantzian gertatutako prozesu sozial eta politikoa izan zen. Prozesu horretan, Frantzian zegoen egitura politikoa (monarkia absolutua, aristokraziarentzako eta klero katolikoarentzako pribilegio feudalekin) modu azkar batean irauli zen, nazionalismo, herritartasun eta eskubide saihestezin ziren Ilustrazioko printzipio arrazionaletan oinarrituta.

aurkibidea

I

Independentzia Gerra: Iberiar penintsulako Gerra, Iberiar penintsulan Espainiak, Portugalek eta Erresuma Batuak, alde batetik, eta Frantziako Lehen Inperioak bestetik, borrokatutako gatazka izan zen.

Isabel II.a Borboikoa: (Madrid, 1830eko azaroak 10 – Paris, 1904ko apirilak 4) Espainiako erregina 1833tik 1868ra. Fernando VII.a eta Maria Kristina Borboikoa-Dos Siciliasen alaba. Maria Kristina Fernandoren laugarren emaztea eta iloba zen. 1833an, aitaren heriotzaren ostean, hartu zuen tronua, hiru urte baino gutxiago zitue. Haren erregetzak gatazka luze bat ekarri zuen bere osaba zenarekin, Karlos Maria Isidro Borboikoarekin. Erregetzaren lehen urteetan Isabel haur bat besterik ez zen eta 1840ra arte haren amak hartu zuen erregeordetza. Garai horretan (1833-1840) gertatu zen Karlistaldia . 1840tik aurrera, Espartero jenerala bihurtu zen erregeorde 1843 arte. Isabel hamahiru urterekin adin nagusiko aitortu zuten eta hamaseirekin bere lehengusu zen Francisco de Asís Borboikoarekin ezkondu zen, gobernuak konpondutako ezkontzan. 1868An, Iraultza Loriosaren ostean, Frantziara abiatu zen. Han semearen mesederako abdikatu egin zuen 1870ean, semeak Alfonso XII.a izena hartu zuen.

aurkibidea

J

Joaquin Baldomero Fernández Espartero Alvarez de Toro: (Granátula de Calatrava (Ciudad Real, Espainia), 1793 - Logroño (Espainia) 1879) Lutxanako Konde, Garaipenaren eta Morellako Duke, Banderasko Bizkonde eta Bergarako Printzea; militar eta politikari espainiarra zen.

aurkibidea

K

Karlos IV.a Borboikoa: (Portici, 1748ko azaroak 11 – Erroma, 1819ko urtarrilak 20) Espainiako errege 1788tik 1808ra. Fernando VII.aren aita. Napoleonek preso hartu zuen 1814ra arte; urte horretan, Fernandok Espainiako tronua hartu zuen. Bere aita erbesteratuta mantendu zuen, boterea lortzeko lehiarik egin ez ziezaion. Karlos eta haren emaztea erbestean hil ziren.

Karlos VII.a: Don Karlosek tronurako saiakeran hartu zuen izena.

Konstituzioa: Estatu independente baten arauak eta oinarriak zehazten dituen idatzia da. Bertan arautzen dira estatuko botere-antolaketa eta - banaketa, oinarrizko eskubide eta betebeharrak, eta politikarako oinarrizko prozedurak.

Korrejidorea: Erregearen edo Jauntxo baten ordezkaria zen, zenbait egoera zuzentzeko eta konpontzeko. Botere legegile, politiko, administratibo, gobernuarekiko eta, batez ere, judizialeko ahalmenak zituen. Botere politiko-legegileko ahalmen nagusia Batzar Nagusietako burua izatea zen, Koroaren kontrako legeren bat egin ez zezan kontrolatzeko. Baina horrek ez du esan nahi legeak onar zitzakeenik, hori erregearen edota jauntxoaren esku baitzegoen. Beraz, korrejidorea Batzarreko lekuko baten modukoa zen.

aurkibidea

L

Lege Salikoa: Lex Salica latinez, V. mendean frankoen erregeek eginiko lege-multzoei deritze. Lege-multzo horren zati batean, emakumeek tronua hartzea debekatzen da. Errege frankoen ostean, hainbat mendetan iraun zuen lege horrek Europako historian.

Leopoldo O’Donnel y Joris: (Santa Cruz de Tenerife (Kanariar Uharteak), 1809 - Biarritz, 1867) Noble, militar eta politikari espainiarra, Espainiako Handia, Tetuango dukea, Lucenako Konde eta Aliagako Bizkondea. Fernando VII.aren heriotzaren ostean, 1833an isabelinoekin batu zen. 1841 urtean Diego Leonen konspirazio moderatuan parte hartu zuen, Esparteroren erregeordetzaren aurka.

aurkibidea

M

Miguel Gomez Damas: (Torredonjimeno (Jaen, Espainia), 1785 –Bordele (Frantzia), 1850) Militar espainiarra. Karlistekin aritu zen lehen Karlistaldian, Zumalakarregiren gidaritzapean.

aurkibidea

N

Napoleon Bonaparte: (Aiacciu, Korsika, 1769 abuztuak 15 – Santa Helena, 1821eko maiatzak 5) Militar frantsesa zen, frantsesen enperadore izatera iritsi zena. Espainiarekin aliantza bat lortu nahi izan zuen Portugal inbaditzeko, baina Espainiaren ezezkoaren ostean, Espainia inbaditu zuen eta bertako armadak garaitu. 1807an Portugal hartu ondoren, 1808an bere anaia, Josef Bonaparte, jarri zuen Espainiako tronuan.

aurkibidea

R

Rafael Maroto: (Lorca (Espainia), 1783 – Valparaíso (Txile), 1853) Jeneral espainiarra. Lehen Karlistaldian parte hartzeaz gain, Esparterorekin eta jeneral liberalarekin Bergarako Ituna sinatu zuen, karlista eta isabelinoen arteko gerrateari amaiera emanez.

Ramon Cabrera y Griño: (Tortosa, 1806 – Wentworth (Erresuma Batua), 1877) Militar eta politikari espainiarra. Maestrazgoko tigrea izenez ezaguna, buruzagi karlista nabarmena.

aurkibidea

S

Santzio Pragmatikoa: Erregeak promulgatutako lege edo disposizio legala. Tronuaren oinordekotasuna inplikatzen du askotan (ikus Lege Salikoa), baita estatuko beste hainbat funtsezko arlo ere. Normalean dekretatutako datarekin izendatzen dira, kasu honetan 1830eko Santzio Pragmatikoa.

aurkibidea

Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Karlismoa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org