Lehen karlistaldia: 1833-1840
Oinarri sozialak:
Karlistaldia dinastia-arazoak zirela medio hasi zen. Euskal Herrian, berriz, Antzinako Erregimenean indarrean zegoen foru-sistemaren iraupenak gizartean eztabaidak sortu zituen, eta Karlistaldia eztabaida horren ondorio armatua izan zen.
Landa-guneetako lur-jabeak eta absolutistak foruak mantentzearen alde agertu ziren. Hiriguneetako merkatariak, ordea, erakunde liberalen aldekoak ziren; hau da, foru-erakundeak ordezkatzearen, edo gutxienez, eraldatzearen aldekoak.
Nazioartean ere, Europako gainerako herrialdeak, kontrairaultzarekiko zuten jarreraren arabera, bi bandoetako baten alde jarri ziren. Frantziarrek eta britainiarrek, portugaldarrekin batera, Isabel erreginaren alde egin zuten. Potentzia ultrek (Errusiak, Austriak eta Prusiak) ez zuten Isabelen oinordekotza onartu eta Karlosen asmoen aldeko agertu ziren.
Gatazkaren alde militarrari dagokionez, aldi hauek bereiz ditzakegu:
1833ko iraila - abendua: Altxamendu orokorra eta porrota
Karlistek bultzatutako altxamendu orokorrak porrot egin zuen Espainian, baina, lehen gerra horretan, karlistek euskal lurralde gehiena menderatzea lortu zuten. Altxamendua urriaren 3an hasi zen Bilbon, eta dagoeneko aipatu ditugun Paisano Armatuen eta Tertzio Foralen laguntzaz, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako zati handi bat menderatzea lortu zuten. Nafarroan, berriz, ez zuten horrelakorik lortu, altxamendu guztiek porrot egin baitzuten.
1833ko abendua / 1835eko uztaila: Zumalakarregi eta Euskal Herria, gerraren erdigune
Tomas Zumalakarregi karlismoko pertsonaia nagusi bilakatu zen, bai eta Euskal Herriko karlisten buruzagi ere. Aldi horretan, euskal lurraldeetan gertatu ziren gerrako gertaera nagusiak. 1835eko maiatzean Euskal Herri osoa zegoen Zumalakarregiren kontrolpean, hiriburuak salbu; kostaldeko zenbait herri eta Arabako eta Nafarroako hegoaldea ere ez zeuden karlisten eskutan. Aldi horretan, Bilbo setiatu zuten lehen aldiz Karlosen aginduz, nahiz eta Zumalakarregiren ustetan, errazagoa gertatuko zen Gasteiz hartzea. Setioa hasi eta bi egunera, ekainaren 13an, Zumalakarregi larriki zauritu zuten, eta hilaren 24an hil zen. Hilaren 30ean Bilboren defentsan ari ziren liberalek kanpoko laguntza jaso zuten, eta uztailaren 1ean amaitu zen setioa. Karlistentzat porrot handia izan zen, eta gainera, beren estratega nagusia galdu zuten bertan.
1835eko uztaila / 1837ko abendua: Euskal Herritik irteteko saialdiak. Espedizioen porrota
Buruzagi karlistek, Karlosek bereziki, Espainia estatuko beste lurraldeetara zabaldu nahi izan zuten gerra. Horretarako, ia osorik bereganatuta zuten Euskal Herritik abiatuz, espedizio militarrak antolatu zituzten, lurraldea handitzeko eta estatuko hiriburua hartzeko.
Euskal Herrian, frontea egonkortu egin zen, eta ez zen ekintza handirik gertatu. 1836an Bilbo hartzeko beste bi saialdi egin zituzten urrian eta azaroan, baina ez zuten arrakastarik izan. 1837ko martxoan, Donostiatik gertu, Oriamendin, garaipena lortu zuten karlistek; garaipen sinbolikoa, alegia.
1835eko abuztuan, Nafarroatik abiatu zen lehen espedizioa, Juan Antonio Guerguéren gidaritzapean, karlista katalanekin batzeko asmoarekin. Espedizioa Olot hartzen saiatu zen, eta porrot egin ondoren, itzuli egin zen.
1836ko ekainean, bigarren espedizioa abiatu zen Amurriotik, Miguel Gomézen gidaritzapean, Asturias eta Galiziara bidean. Santiagon Konpostelakoan sartzea lortu zuten, baina ez lurralde berriak menderatzea. Abuztuan, Andaluziarako bidea hartu zuten, eta abenduan, Euskal Herrira itzuli ziren.
1837ko maiatzean, Karlosen gidaritzapean, errege espedizioa abiatu zen Madril hartzeko asmoz, baina porrot egin ondoren, abenduan itzuli zen.
1837ko abendua / 1840ko uztaila: Karlismoaren banaketa eta pixkanakako amaiera
Porroten ostean, karlisten artean lehen banaketak gertatu ziren: alde batetik, Karlosen jarraitzaile erradikalenak zeuden, eta bestetik, nolabaiteko konponbideren bat lortu nahi zuten karlista moderatuak. Egoera hori baliatuz, euskal liberalen sektore batek biztanleriaren zati bat bereganatu nahi izan zuen, foruen alde agertuz. Egoera horren baitan sortu zen “Bakea eta Foruak” izeneko egitasmoa, Jose Antonio Muñagorrik zuzenduta; borroka amaitzearen ordainetan, foruei eustea proposatzen zuen.
Egitasmoak 1838an porrot egin zuen arren, harremanetarako bideak irekita geratu ziren, batez ere Karlosek Maroto Estatu Nagusiko buru izendatu zuenetik. Karlista erradikalek buruzagi liberalekin negoziatzea leporatzen zioten Marotori. Baina Marotok bere aurkako konspirazio bat aurkitu ondoren, gerra jarraitzearen aldeko karlista batzuk fusilatzeko agindua eman zuen.
Tropa gehienak Marotoren alde zeuden, eta karlista eta liberalen arteko negoziazioa hasi zen, bi gai nagusiren inguruan: militar karlisten etorkizuna armada liberalaren barnean, eta Foruak errespetatzeko baldintzak.
Azkenean, 1839ko abuztuaren 30ean, karlista eta liberalek akordioa lortu zuten Bergarako Hitzarmenean. Bertan, Esparterok Gorteei Foruak errespetatzeko gomendioa egiteko konpromisoa hartu zuen, eta ofizial karlisten etorkizuna bermatu zuen. Gipuzkoa eta Bizkaiko batailoi karlistek akordioa onartu zuten, ez ordea nafarrek eta arabarrek, eta gerra jarraitzen saiatu ziren. Ez zuten gerra jarraitzea lortu, eta ofizial gehienek eta apaiz karlistek Karlosi jarraitu zioten Frantziako erbestealdira. Handik hamabost egunera, isabeldarrek Euskal Herri osoa kontrolpean zuten.
Gerrak ekialdeko frontean jarraitu zuen (Castellóko Maestrazgoan), harik eta 1840ko uztailean Cabrera jeneralaren azken erresistentziak amore eman zuen arte.
Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License
Karlismoa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org