Karlismoa baino lehenagoko karlismoa
Frantziako Iraultzak eta inbasioek eragindako erreakzioak
1789an, ideia iraultzaileak hedatuko ziren beldurra zabaldu zen. Espainiak Frantziako muga itxi zuen, baina ezinezkoa izan zen ideiei mugak jartzea; esate baterako, Donostian, Konstituzioaren Adiskideen Elkartea sortu zen. 1793ko martxoaren 7an, Espainiaren eta Frantziaren arteko gerra hasi zen eta, 1794ko uztailean, tropa frantziarrek Euskal Herria inbaditu zuten. Gizartea bitan zatitu zen: batetik, frantziarren aldekoak, eta, bestetik, espainiarren aldekoak.
Liberalen eta erregetiarren arteko bereizketa.
1808an, gertakarien erritmoa bizkortu egin zen. Napoleonen presioen ondorioz, Karlos IV.ak eta Fernando VII.ak abdikatu egin zuten. Napoleonek bere anaia Jose errege izendatu zuen eta batzarrerako deialdia egin zuen, Frantziakoaren antzeko Konstituzioa idatz zezan.
Frantziarren aldeko edo frantsestuen eta abertzaleen arteko bereizketa gero eta handiagoa zen. Bereizketa horretatik beste hau sortu zen geroago: liberal eta erregetiar-absolutisten arteko bereizketa. Euskal sektore liberala hiriguneetako merkatariek eta zenbait lur-jabek osatzen zuten, Bonaparte anaiek bultzatutako erreformen aldekoak, alegia.
1810ean Inperioaren mugak Ebron kokatuta zeuden, eta Euskal Herria, egoera militarrari zegokionez behintzat (ez administrazio zibilari zegokionez), Espainiatik bereizita zegoen. Euskal Herria bi gobernutan banatu zen (Biscaye eta Navarre), eta foru-erakunde tradizionalak desagertu egin ziren. Hori izan zen historian zehar gertatutako foruen aurkako erasorik handiena.
Une horretan hasi zen frantziarren aurkako gerrilla (hemen sortutako hitza), bai Espainian, bai Euskal Herrian. 1812an, “abertzale” ez-absolutistek beste konstituzio bat aldarrikatu zuten Cádizen. Araba eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek Konstituzio berria onartu zuten; ez, ordea, Bizkaikoek. Gauzak horrela, liberal eta erregetiarren arteko eztabaidak hasi ziren; eta Euskal Herrian, foru-sistemaren aldekoen eta sistema konstituzional berriaren aldekoen eztabaidak.
Independentzia Gerrarekin hasi zen gizarte tradizionalaren gainbehera. Eta liskarrek eragindako aldaketen ondoren, ez zegoen atzera egiterik.
Absolutismoaren berrezarpena: 1814-1820
1814an, frantziarrak garaitu ondoren, Fernando VII.aren itzulera gertatu zen. Iraultzaren ideiekiko beldurra Europa guztira zabaldu zen, eta sentimendu horretaz baliatu zen Fernando VII.a Konstituzioa indargabetu eta absolutismora itzultzeko beharrezko erakundeak berrezartzeko; adibidez, euskal foruak. Hala ere, ez zen ausartu Inkisizioa berrezartzen. Liberalak erreprimitu egin zituzten, baina ez garaitu.
Hirurteko Liberala 1820-1823
Militarren altxamendu batek Cádizko Konstituzioa berrezarri zuen eta, berriz ere, foru-erakundeak kinka larrian geratu ziren. Probintzietako buruzagiak egoera berrira egokitzen saiatu ziren boterea ez galtzeko, baina, aldi berean, liberalen aurkako oposizioa sortu zen, “tradizioa” berrezartzearen aldekoak.
Panfletoak agertu ziren, foruak desagertzeak gizartearen gehiengoan eragingo zituen kalte eta arazoak azaltzeko: produktuak garestitzea, aduanak kostara eraman izanaren ondorioz; zergak igotzea... Kalte horiek, gainera, herritar xumeek jasango zituzten batik bat.
Euskal Herriko liberalek “Elkarte Patriotikoak” osatu zituzten, eta gobernuaren aldeko boluntario armatuak “Milizia Nazionalean” elkartu ziren.
1821ean, Jose Urangak, gerora karlisten jeneral izatera iritsi zenak, Aguraingo altxamendua antolatu zuen. Urtebete geroago, euskal lurraldeak erregetiarren taldez josita zeuden, eta gobernuak gerra-egoera ezarri behar izan zuen.
1823an, Europako potentzia absolutistek antolatutako inbasioak (San Luisen Ehun Mila Semeak) gobernu liberala boteretik kendu eta Fernando VII.aren absolutismoa berrezarri zuen.
Hamarkada absolutista: 1823-1833
Euskal Herrian, foru-legeek liberalik gabeko erakundeak arautu zituzten, eta aduanak lehenagoko tokira itzuli ziren. Boluntario erregetiarrek osatutako miliziak eratu ziren, eta iraultzaren aurkako talde paramilitar boluntarioa osatu zuten. Boluntario horiek hainbat eratara izendatu zituzten gure probintzietan (Nafarroan izan ezik): Gipuzkoan, Tertzio Foralak; Bizkaian, Paisano Armatuak; eta Araban, Natural Armatuak.
Gorputz paramilitar boluntario horiek Diputazioen laguntzaz antolatu eta armatzen ziren, eta horien inguruan sortu zen Euskal Herriko erregetiar zorrotzen alderdia. Horrela, Fernando VII.aren heriotzaren ondoren, 1833an, gertatu zen altxamendurako antolatu ziren. Altxamendu hori dinastia-arazoaren ondorioz gertatu zen. Dinastia-arazoak bi taldeen posizioak finkatu zituen.
Oinordetzaren gaia 1829tik argituta zegoen. Fernando VII.ak semerik ez zuenez, erregetiar zorrotzenak haren anaia Karlos Maria Isidroren ingurura bildu ziren, ideia absolutista garbiak baitzituen eta, Espainian borboiek Lege Salikoa indarrean zegoenez, emakumeek ezin baitzuten erreinatu. Karlosen aldekoek aurrez aurre zituzten liberal eta erregetiar moderatuak; hau da, Isabel printzesaren eta haren ama Maria Kristina erreginaren aldekoak. Azken horiek 1830eko Santzio Pragmatikoan oinarritzen ziren, Isabel eta Maria Kristinaren eskubideak aldarrikatzerako. Hori guztia dela eta, alde batekoei karlista esan zitzaien, eta beste aldekoei, isabeldarrak edo kristinatarrak.
1832ko irailean, erregea larriki gaixotu zen, eta bi bandoak borrokarako prestatzen hasi ziren. Bazekiten Fernando VII.aren heriotzaren ondoren hasiko zela borroka, eta horrela gertatu zen urtebete geroago. Isabelen jarraitzaileek gortean eta botere-guneetan hartu zuten indarra, eta karlistek beren mendeko foru-erakundeak zituzten guneetara, batez ere Euskal Herrira, atzera egin zuten, handik Karlos jauna tronuratzen saiatzeko.
Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License
Karlismoa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org