Garaipena lortzeko beste aukera bat: 1868-1876

Hauteskundeetako karlismoa: 1868-1872

1868ko iraultza demokratikoak Isabel II.aren agintaldiaren amaiera ekarri zuen, eta erreginak erbestera joan behar izan zuen. Aro horretan, gizonezkoen sufragio unibertsala onartu zen, eta azaldu berri ziren errepublikazaleek eta ordura arte ilegalak izandako karlistek hauteskundeetan parte hartzeko aukera izan zuten.

Egoera berri horretan, Juan jaunak, karlistek bultzaturik, bere semeari utzi zizkion oinordetza-eskubideak. Juan jaunaren semeak Karlos VII.a izena hartu zuen tronura heltzeko. Karlos VII.aren inguruan, alderdia politikoki berrantolatzen hasi zen, Gobernuan parte hartzeko asmoz. Hala ere, egunen batean altxamendu baten beharra izan zezaketela eta, ez zuten antolaketa militarra alde batera utzi.

Hauteskundeetako lehen froga 1869an iritsi zen. Hautesleek argi erakutsi zuten karlismoa lehen indar politikoa zela Euskal Herrian (17 postutik 15 lortu zituzten) baina ez zen horrela izan Espainian.

Konstituzioa onartu ostean, Amadeo Savoiakoak monarkia liberala ezarri zuen. Karlistek ezezkoa eman zioten Gorteetan Savoiakoaren hautagaitzari, erlijio-batasunaren defendatzaile sutsuak eta erreforma demokratikoen aurkari handienak baitziren.

Garai horretan, foruen defentsa eta erlijioa ziren karlisten ideologiaren oinarriak.

1871n hauteskundeak izan ziren berriz ere, eta karlistek eta neokatolikoek osatutako koalizioak arrakasta handia izan zuen. Ez zen horrela gertatu, ordea, 1872ko apirilean: 51 diputatutik 38ra igaro ziren.

Hauteskundeetako atzerapauso hark amaiera eman zion alderdiaren baitako eztabaidari: bide militarraren aldekoak nagusitu ziren, eta diputatu karlistek Gorteak utzi zituzten.

Gerraren aldeko karlismoa: II. (III.) gerra 1872-1876

Hirugarren karlistaldia –euskal lurraldeetako bigarrena– 1872an hasi zen altxamendu baten bidez. Maiatzaren 2an, Karlos VII.a Nafarroan sartu zen Frantziatik, altxamendua berak zuzentzeko. Bi egun geroago, Orokietan garaitu zuten, eta berriz ere muga zeharkatu behar izan zuen.

Altxamendu haren porrotaren ondoren, hilaren 24an Amorebietako Hitzarmena sinatu zuten Serrano jeneralak –Amadeoren gobernuko presidenteak– eta Bizkaiko karlisten buruzagiek.

Karlos VII.ak traidoretzat jo zituen hitzarmena onartu zutenak, eta ia buruzagi militar guztiak karguetatik kendu egin zituen. Abenduaren 18rako beste altxamendu bat agindu zuen. Egun hartan, hainbat talde altxa ziren herrialde osoan zehar; adibidez, ospe handia lortu zuen Santa Kruz apaizarenak.

1873an, karlisten erregegaiak muga gurutzatu zuen berriz ere. Amadeo Savoiakoaren abdikazioaren ostean, Lehen Errepublika ezarri zen Espainian, eta estatu liberala inoiz baino ahulago zegoen. Karlistek egoera hartaz baliatzeko aukera ikusi zuten. Abuztuan Lizarra hartu eta karlisten hiriburu izendatu zuten, eta abenduan, Bilbon sartzen saiatu ziren, berriro setiatuz. Saialdi horrek ere porrot egin zuen, Ezkerraldean menderatuak izan ondoren.

1874 urtearen erdialdean, karlistak nagusi ziren Euskal Herri osoan, hiriburuetan izan ezik, eta estatu karlista sortzea lortu zuten. Karlos VII.a zen estatu horretako errege, eta foruak eta aldundiak ziren estatuaren oinarri. Aduanak, posta-zerbitzua eta justizia-administrazioa zituzten karlistek, baita Oñatin unibertsitatea ere.

1874ko abenduan, Alfontso XII.a, Isabel II.aren semea, errege izendatu zuten. Boterean jarri orduko, Espainiako iparraldera zuzendu zuen begirada. 1876ko urtarrilean, eraso handi bati ekin zion, eta otsailean Lizarra bere eskuetan zegoen. Karlos VII.ak otsailaren 28an Frantziako muga gurutzatu behar izan zuen, eta ez zen berriro itzuli. Egun hartan bertan, Alfontso XII.a Iruñean sartu zen eta gerra amaitu egin zen.

Karlismoak garrantzi handiko indar politikoa izaten jarraitu zuen urteetan, baina hori izan zen karlisten azken abentura militarra.

Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Karlismoa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org