Biografia: Manuel Ignazio Santa Kruz Loidi

Manuel Ignazio Santa Kruz Loidi “Santa Kruz apaiza”

(Elduain, 1842 – Pasto (Kolonbia), 1926)

Familia xume batean jaio zen eta oso gazte geratu zen umezurtz. Hala ere, Gasteizko seminarioan sartu zen eta bertan apaiztu zen.

Hernialdeko erretore zen 1868ko iraultza hasi zenean, eta karlismoaren propagandista egin zen. 1870. urtean atxilotu zuten, baina Frantziara alde egitea lortu zuen. 1872ko apirilean, muga zeharkatu eta gerran murgildu zen, talde txiki baten buruzagi. Urte hartan bertan, abuztuan, atxilotu egin zuten, eta ihes egin ostean, Frantzian errefuxiatu zen berriz, baina abenduan muga zeharkatu zuen berriro. Bere ihesaldiak tarteko, legenda bilakatu zen. Gipuzkoan aritu zen borrokan, eta bere ausardia eta ankerkeria zirela eta, gerrillen buruzagi karlista ezagunenetakoa izan zen.

Karlosek Lizarraga jenerala tropen komandante izendatu zuenean, Santa Kruzek ez zuen onartu eta bere kabuz hasi zen borrokan “erlijioaren eta foruen izenean”. Buruzagi militarrei aurre egin ondoren, karlistek berek atxilotu zuten, baina berriz ere alde egitea lortu zuen. 1873Ko martxoaren 17an, Lizarragak heriotza zigorra ezarri zion. Horren ondorioz, bi bandoak zituen jarraika. Ekainean, Endarlatsako mugazainen postuari eraso egin zion, eta bizirik atera ziren guztiak fusilatzeko agindua eman zuen. Izugarrikeria hark Karlos sutan jarri zuen. 1873ko uztailaren 9an, Santa Kruzek bere burua inguratuta ikusirik, muga zeharkatu behar izan zuen. Abenduan berriro itzuli zen, Lizarraga garaitzeko asmotan, baina garaitu zutenez, behin betiko erbesteratu behar izan zuen.

Elizak egindako izugarrikeria guztiak barkatu zizkion eta Jesusen Lagundian sartu zen. Misiolari aritu zen Jamaikan eta Kolonbian, azken herrialde horretan hil zelarik.

Santa Kruzen balentriek misterio-kutsua eman zioten, eta kondaira bilakatu zen: Euskal Herriko karlistaldietako pertsonaia mitikoa.

Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Karlismoa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org