Biografia: Tomas Zumalakarregi

Tomas Zumalakarregi Imatz

(Ormaiztegi, 1788 – Zegama, 1835)

Arandi baserrian jaio zen hamaika seme-alabako familia xume batean. Lau urte zituela umezurtz geratu zen, eta 1801ean eskribau-ikasketak egitera bidali zuten. 1808an, Independentzia Gerra hasi zenean, Zaragozan sartu zen armadan, eta hiri horren setioan parte hartu zuen. Preso hartu zuten, eta Gaspar Jauregi gipuzkoar gerrillariaren taldearekin bat egin zuen. Ez zen gerrillako bizitzara ongi egokitu, eta berehala sartu zen armada erregularrean. 1812an kapitain izendatu zuten.

Gerra amaitu ondoren, absolutistekin elkartu zen, eta Hirurteko Liberalean salatu egin zutenez, zerbitzuz kanpo geratu zen. Absolutismoaren itzuleraren ondoren, armadan jarraitu eta 1829an teniente koronel izatera iritsi zen. 1832an gobernadore militar izendatu zuten Ferrolen. Ordurako, Karlosen inguruan sortutako alderdiko kide nabarmena zen. Isabel II.aren izendapenaren ondorioz, aurre egin zien bere nagusiei, eta inongo aginterik gabe Iruñera bidali zuten.

1833ko urrian, altxamendu karlistarekin bat egin zuen, eta Nafarroako matxinoen buruzagi izendatu zuten. Bertan, armada karlista antolatzen hasi zen. 1833ko abenduan, Bizkaiko eta Arabako aldundiek beren tropen buruzagi izendatu zuten. Zumalakarregiren ospea gero eta handiagoa zen soldaduen zein herritarren artean. Isabelen aldekoek Zumalakarregiren anaia Migel baliatu zuten Zumalakarregi erakartzen saiatzeko, baina ez zuten lortu. 1834. urtean eta 1835. urtearen hasieran, Zumalakarregik behin baino gehiagotan garaitu zuen gobernuko armada, eta Ebrotik hegoaldera atzera egin behar izan zuten, hiriburuei bakarrik eutsita.

Zumalakarregiren garaipenen ondoren, Karlos jaunak Bilbo hartzea agindu zion. Zumalakarregik, Gasteiz hartzearen aldekoa bazen ere, Bilboren aurkako lehen erasoari ekin zion. Ekainaren 15ean, tropen posizioak aztertzen ari zen bitartean, bala galdu batek hankan jo zuen. Konfiantzazko petrikilo batek aztertzea nahi zuenez, laguntzaileek Zegamara eraman zuten; 60 kilometro egin zituzten sorbalden gainean besaulkian zeramatela. Ekainaren 24an hil zen arrebaren etxean, eta karlistek buruzagi militar nagusia galdu zuten. Hain gazte eta ustekabean hil zenez, karlistentzat mito bihurtu zen.

Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Karlismoa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org