Ataria
Zer da karlismoa?
Espainian, karlismo izena eman zitzaion Frantziako iraultzaren aurkako europar mugimenduari. Haren ezaugarri nagusia hau izan zen: frantziar ideia iraultzaileen hedapenari eta ideia horien oinordeko izan zen liberalismoari aurre egitea.
Eta Euskal Herrian ordea, zer?
Euskal Herrian, karlismoak garrantzi berezia hartu zuen, beste herrialdeetan ez bezalako arrazoi zehatzak zirela medio: foruak, alegia. Badakizue Foruak, euskal lurralde bakoitzeko bizitza politikoa, ekonomikoa eta administratiboa antolatzeko lege eta arauak zirela. Horrez gain, foruak izan ziren XV. mende inguruan Euskal Herrian sortu ziren gobernu-erakundeen oinarri.
Foruek burujabetasun fiskala bermatzen zuten. Esate baterako, aduanak Gaztelako mugan zeuden, eta ez kostaldean edota Espainia eta Frantziako erresumen arteko mugan. Burujabetasun militarra ere bermatzen zuten foruek. Horri esker, euskal gazteek ez zuten soldadutza egin beharrik. Foruen defentsak eta burujabetasun fiskal, militar eta politiko horrek ezarri zituen euskal Karlismoaren oinarriak.
Hala ere, Karlismoa bere testuinguru historikoaren baitan ulertu behar da, hau da, Antzinako Erregimenetik mundu berrirako trantsizioan. Trantsizio horretan hainbat aldaketa gertatu ziren: ekonomikoak, industrializazioarekin; sozialak, estamentuzko gizartetik gizarte burgesera igarotzen dira; politikoak, liberalismoa etortzen da; eta kulturalak, erromantizismoa sortzen da. Aldaketa horiek, ordea, ez ziren bakean gertatu, eta aurrez aurre izan zituzten iraultzaren aurkako blokea osatzen zuten hainbat talde. Bloke heterogeneo horrek Espainiako dinastia-arazoetan aurkitu zuen lotura-elementua: Karlos jauna eta erlijioa iraultzaren aurkako mugimenduaren buru bilakatu ziren.
Euskal Herrian, Karlos jauna ez zen izan mugimenduaren erreferente bakarra; antolaketa politiko eta soziala arautzen zuten foruen defentsa ere mugimenduaren ikur bilakatu zen. Hasieran, foruen defentsa bigarren mailakoa izan bazen ere, denbora igaro ahala, askorentzat auzi nagusia bilakatu zen.
Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License
Karlismoa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org