Biografia: Karlos Maria Isidro Borboikoa

Karlos Maria Isidro Borboikoa eta Borboi-Parmakoa

(Madril, 1788 - Trieste, 1855)

Karlos IV.a eta Maria Luisa Parmakoa errege-erreginen bigarren semea. 1808 eta 1814 urteen artean bere anai-arrebekin bizi izan zen Valentziako gazteluan, Napoleonek preso hartu baitzituen. 1816an, Maria Frantziska Bragantzakoarekin ezkondu zen eta hiru seme izan zituzten. Oso pertsona fededuna izan zen eta bizitza osoan sinetsi zuen monarkia jainko-zuzenbidezkoa zela.

1833ko martxoan Espainiatik alde egin behar izan zuen, bere anaia Fernando VII.aren alaba Isabelen oinordekotza ez onartzeagatik. Fernando VII.a hil ondoren, bere burua errege izendatu zuen, Karlos V.a izena hartuz. Portugaldik Britainia Handira joan zen, eta handik, Frantziara. 1834ko uztailean Nafarroan sartu zen. Bere gorte eta armadarekin batera, OƱati, Lizarra, Tolosa, Azpeitia eta Durangon barrena ibili zen. Harrera ona egin zioten landa-guneetako euskaldunek izaera apala bezain desatsegina zuen Karlosi, bertako biztanle gehienak karlistak baitziren.

Ez zen oso estratega militar ona, eta, horren ondorioz, ez zuen gerran parte hartu 1837ko uda arte. Urte hartan Madrilera iristen saiatu zen, baina ez zuen bere nahia lortu, eta inguruan zituen laguntzaileei egotzi zien horren errua. Alargun geratu ondoren, 1838an bere iloba Maria Teresarekin ezkondu zen.

Bergarako Hitzarmena sinatu ondoren amaitu zen gerra, eta 1839ko irailaren 14an, Frantziara erbesteratu behar izan zuen. 1845eko maiatzean, bere semeari utzi zion errege-kargua eta Molinako Konde titulua erabili zuen hil zen arte.

Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Karlismoa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org