Karlismoa berrezarkuntzaren garaian. XX. mendera bidean

1876ko uztailaren 21eko legea

Gerra amaitu ostean, dinastia-arazoa ere amaitu zen, baina foru-eztabaida sekula baino biziago zegoen.

Karlisten porrotaren ondoren, Cánovas del Castilloren gobernuak euskal probintzietan ere zergak ordaintzea eta soldadutzara joatea nahi zuen, bai eta bertako erakunde politikoak (Batzar Nagusiak eta Foru Aldundiak) bertan behera uztea ere. Liberal moderatuak gobernuaren asmoak geldiarazten saiatu arren, 1876ko uztailaren 21ean Gorteek foruak aldatzeko legea onartu zuten; hau da, foruak ezeztatu zituen legea.

Gobernuak Batzar Nagusiak debekatu zituen. Bizkaiak ez zuen debekua onartu eta Aldundia izendatu zuen, baina Gobernuak baliogabetu egin zuen. Araba eta Gipuzkoa gobernuarekin negoziatzen saiatu ziren, baina ez zuten ezer lortu: foru-aldundien ordez, Espainiako beste probintzietako bezalako diputazioak sortu zituzten.

Zenbait liberalek aldundietan parte hartzea onartu zuten, eta 1878an sinatutako lehen Kontzertu Ekonomikoaren bitartez, autonomia fiskala gordetzea lortu zuten. Hitzarmen horren bidez, euskal erakundeak estatuarentzako zergak biltzeaz arduratu ziren. Nafarroan aldaketa horiek ez zuten eraginik izan, 1841ean sinatutako legea baitzuen.

Karlistaldien amaieratik gaur egunera arte

1876ra arte, karlismoa mugimendu militarra zen, baina gerra bukatzearekin batera, alderdi bilakatu eta joko politikoan sartu zen. Alderdi horren oinarriak erlijio katolikoaren, monarkia autoritarioaren eta foruen defentsa ziren.

Nahiz eta liskar militarra amaituta egon, liberalen eta karlisten arteko bereizketa politikoak luzaro iraun zuen. Karlistek jarraitzaile asko zutela erakutsi zuten hauteskundeetan –tradizionalistak izena erabili zuten–; izan ere, gehiengoa lortu zuten Arabako eta Gipuzkoako aldundietan, bai eta udal askotan ere.

Hala ere, karlismoak pixkanaka-pixkanaka indarra galdu zuen. Industria-iraultzak aldaketa handi eta azkarrak eragin zituen XIX. mendearen amaieran, eta karlismoak ezin zien aldaketa haien ondorioz sortutako arazo eta galderei erantzun. Bizkaira eta Gipuzkoara iritsi ziren biztanle berriek, hirien hazkundeak eta langile-mugimenduaren sorrerak, beste politika era batzuk eragin zituzten, hala nola, sozialismoa eta nazionalismoa.

Karlismoaren gainbeheraren arrazoien artean, karlisten artean gertatutako zatiketak eta hainbat karlistak alderdia utzi izana azpimarratu behar dira. 1931n, errepublikaren garaian, Comunión Tradicionalista alderdian elkartu ziren berriz ere. Karlismoa errepublikara egokitzen ez ziren eskuindarren aterpe bilakatu zen, faxismora gerturatuz. Errepublikaren aurkako konspirazio militarrean esku hartu zuen, eta etorkizuneko liskarretarako miliziak prestatu zituen: erreketeak.

Francok karlistek emandako laguntza kontuan hartu gabe, alderdi karlista deuseztatu eta falangistekin elkartzera behartu zituen, alderdi bakar batean.

Gaur egun, karlismoa bizirik dago, baina testigantza hutsa baino ez da; frankismoaren ostean, ezinezkoa gertatu baitzitzaion garai berrietara egokitzea.

Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Karlismoa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org